Kultur ondarea eta ondare naturala

 

XV. mendean, San Pedrorenganako debozioan eraikitako baseliza Atxarre mendiaren tontorrean kokatua dago 312 metrotako altueran. Urdaibaiko talaia deritzon toki honetatik Urdaibai Biosferako ikuspegi zoragarriez goza daiteke; estuarioaren, Mundakako errekaren bokalearen, Busturia, Sukarrieta, Mundaka eta Bermeo kostaldeko herrien, Laidako hondartzaren eta puntu honetatik Ereñozarrera arte iristen den artadi kantauriarraren perspektiba ezin hobeak eskaintzen ditu.

Angeluzuzen formako nabe bakarraz osatua dago baseliza, lur egosiz egindako baldosadun zoladurarekin. Hegal batean arkupe bat dauka eta bertan bi leiho eta sarrerako atea kokatzen dira. Iparraldean bi gezi-leiho txiki dauzka.

Antzina, San Gregorio egunean, prozesioan igotzen ziren ibarrangelutarrak baselizara eta mezan gatza bedeinkatzen zuten. Gatz hori Dantzalekun sakabanatzen zuten gero. Dantzaleku Atxarrerako igoeran kokatua dagoen zelai bat da eta bertan ilargi erdia marrazten duten hiru harri handi daude. Diotenez, akelarreak ospatzen ziren bertan aspaldi, horregatik, gatza sorginak uxatzeko helburuarekin sakabanatzen zen. Bestalde, gatz hori bedeinkatutako uretan disolbatu ondoren ortuetan ere sakabanatzen zen uzta oparoa eskatzeko.